Berako Toki Ona BHI eta Labiaga Ikastola, Elizondoko Elizondo Lanbide Eskola IIP, Lekarozko Lekaroz BHI eta Doneztebe Mendaur DBHI ikastetxeak Memoria duten Eskolak programaren parte dira, irakasleen prestakuntza sustatzeko eta ikasleen artean memoria belaunaldiz belaunaldi transmititzeko jarduerak egiteko.
Nafarroako Memoriaren Institutuak 2016an abian jarritako programaren barnean, hainbat proiektu garatu dira azken urteetan Baztan-Bidasoako eskualdean, erbestealdian eta “muga gotortua” izenekoaren memoria berreskuratzean oinarrituta, zonaldeko bunkerrak berreskuratuaz.
Ikastetxe horiek sartuta, Erratzuko bunkerrarekin eta eskualdeko erbestearekin loturiko proiektuak landuko dituzte Elizondo Lanbide Eskola IIPk eta Lekaroz BHIk. Berako Toki Ona BHIk, berriz, “Bidasoako erbesteratuen erakusketa” programa garatuko du, Gerra Zibilaren ondoren eta Bigarren Mundu Gerran zehar Frantzian eta Alemanian kontzentrazio-eremuetara deportatu zituzten pertsonen inguruan.
Bestalde, Berako Labiaga Ikastolak memoria historikoa belaunaldi gazteengana gerturatu nahi du, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen zikloko ikasleekin lan eginaz. Laster, Doneztebeko Mendaur DBHIk programarekin bat egingo du, eta proiektua emakumearen errepresiora bideratuko du, Juana Josefa Goñi Sagardíaren memorian oinarrituta. Emakume hori erail zuten haren zazpi seme-alabetako seirekin batera, eta gorpuak Gazteluko leizera bota zituzten, Donamarian.
Ikastetxe berrietako zuzendaritzak gaur goizean bildu dira Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria den Ana Ollorekin Bertizko Jauregian. Bertan izan dira, baita ere, Igor Arruabarrena Rezola, Toki Ona BHIkoa; Mikel Iriarte Antxorena, Elizondo Lanbide Eskola IIPekoa; Iñaki Beltrán Gallego, Lekaroz BHIkoa; Maite Elgorriaga Errandonea, Labiaga Ikastolakoa; eta Bihotz Unanua, Mendaur DBHIkoa. Ekitaldian izan dira, halaber, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari nagusia, Martin Zabalza, eta Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria, Josemi Gastón.
Ekitaldian zehar, Ollok nabarmendu du ekitaldian parte hartu dutenak batzen dituela “memoria kritikoa gure hurrengo belaunaldiak prestatzeko erreminta onena dela uste izatearen iritzi sendoak”. Gizarte honek, esan du, “jakin badaki iraganari modu kritikoan begiratzen, hain traumatikoak diren gertakariekin lan egiten eta berriz ez gertatzeko bermerik onena izango diren tresna bihurtzen”.
Era berean, honela gehitu du: “zuen ekintzen bidez erakusten duzue memoria ez dela iraganeko kontu bat, etorkizunekoa baizik”. Azkenik, kontseilariak programan parte hartzen duten ikastetxeen lana eskertu nahi izan du: “Zuen lanari esker, iraganeko indarkeriazko adierazpenetatik urrundutako etorkizuna biziko dugu Nafarroan, inoiz gertatu behar ez zutenak eta inoiz errepikatuko ez direnak”.
Utzi erantzuna