1939ko irailaren 1ean armada naziak Polonia hartu zuen indarrez; hura izan zen II. Mundu Gerraren hasiera. Egun horretan bertan, gobernu naziak dekretu bat egin zuen. Dekretu horrek zehazten zuenez, buruko gaixotasunak zituztenek eta desgaitasunen bat zutenek “ez zuten bizitzea merezi”. 1939ko urrian Adolf Hitlerrek dekretu hori sinatu zuenean abian jarri zuen sarraski prozedura hura. Aktion T4 Eutanasiarako Programak Berlingo Tiergartenstrasee kaleko 4 zenbakian kokatuta zegoen T4 Kuartel Nagusi zaharraren izena jaso zuen. Bertan sendaezintzat jo zituzten gaixoen hilketak planifikatu eta modu sistematikoan burutu zituzten. Erakusketa hau Pinel gGmbh diru irabazirik gabeko korporazioak diseinatutako proiektu batetik abiatua da. Erakunde honek buruko gaixotasuna duten pertsonekin lan egiten du Berlinen, gero eta inklusiboagoa den gizarte baten lorpenak kontuan izanik. “T4 Memorial eta Informazio Zentroak” egin du berrikuspen lana “Eraildako judu europarrei eskainitako Monumentu Fundazioa”-rekin elkarlanean.
EUGENESIA ETA EUTANASIA. T4 OPERAZIOA. AUTOBUS GRISAK
Estatu nazionalsozialistak gizarte osasuntsua eta uniformea nahi zuen, irizpide arrazistei jarraikiz. Hori lortzeko, arrazaren garbitasunari lotutako beste neurri batzuez gain, gaixotasun psikikoak eta adimen-urritasunak zituzten pertsonatzat jotakoak antzutzea defendatzen zuten. Eugenesiak jarraitzaile asko bereganatu zituen eremu zientifikoan. Desfile eta elkarretaratze nazionalsozialistetan, etnikoki inolako gaixotasunik ez zeukan “Volksgemeinschaft”aren ideia azaltzen zen.
“Estatu popularrak osasuntsu daudenek bakarrik seme-alabak sor ditzaketela zaindu behar du; ez dagoela lotsa handiagorik norberaren gaixotasunak eta tarak gorabehera haurrak mundura ekartzeak baino.”. Iturria: Adolfo Hitler, “Nire borroka”, 1924. P. 446.
SUNTSITZE GERRAREN HASIERA: GAIXOEN ERAILKETA POLONIAN
Poloniaren aurkako erasoak gaixoen sarraskia abiarazi zuen. SSetako eta Alemaniako armadako unitateek klinika psikiatrikoak eta zahar etxeak okupatu zituzten. Gaixoak alboko basoetan tiroz hil zituzten, edo gasez beteriko furgonetetan. Asko izan ziren Auschwitzera bidaliak; bertan hil egin zituzten. 1940ko urtarriletik 1941eko abuztura bitartean, 70.000 bat lagun hil zituzten hainbat herritako zentroetako gas ganberetan. Gerra amaitu arte, beste 200.000 lagun gehiago hil ziren gosearen ondorioz edo botiken bidez erailak. Baina, askoz biktima gehiago egon ziren –ezin jakin zenbat–: lanerako ezgaituak, preso gaixoak, eta kontzentrazio esparruetan bortxazko lanak egiten zituztenak.
“Alemaniarra naizen aldetik judutar baten begirada jasan ezin dudanez, ulergarria izango da judutar hori elikatu nahi ez izatea”. Starke Doktorea, Kobierzyngo sendagile alemana, Kroll Doktoreari zuzenduriko eskutitz batean, 1942.
1940ko urtarriletik 1941eko abuztura bitartean, 70.000 bat lagun hil zituzten hainbat herritako zentroetako gas ganberetan. Gerra amaitu arte, beste 200.000 lagun gehiago hil ziren gosearen ondorioz edo botiken bidez erailak. Baina, askoz biktima gehiago egon ziren –ezin jakin zenbat–: lanerako ezgaituak, preso gaixoak, eta kontzentrazio esparruetan bortxazko lanak egiten zituztenak.
HAURREN EUTANASIA. PELUTXEZKO HARZTXOAREN ONDOAN ERAILAK.
“Aitortu beharko da humanoagoa dela haur ergelak beren zorigaitzetik askatzea, beren senideen sufrimendurako ikus ditzaten uztea baino.”. Iturria: Der Spiegel 8/1964, pp. 41-47.
Umeak eta gazteak “eutanasia” naziaren politikaren jomuga bihurtu ziren, gaixorik bazeuden, desgaitasuna bazuten edo jokaera sozial ezberdina agertzen bazuten. “Reicharen jatorri hereditarioko eta sortzetiko gaixotasunen erregistro zientifikorako Batzordea” osatu zen. Egia esan, erakunde horren eginkizuna bestelakoa zen, eta gaixotasun larri zehatz batzuk zituzten umeen erregistroa gauzatu zuen.
Erailketei dagokienez, hiru medikuk (Werner Catel, Hans Heinze eta Ernst Wentzler) osatutako batzorde batek hartzen zuen erabakia:, eta, zenbait ospitaletan, unitate espezializatuetako medikuek ere bai.1939ko irailetik Poloniako milaka umeren gurasoak erail zituzten, kontzentrazio-esparruetan giltzaperatu zituzten edo Alemaniara eraman zituzten bortxazko lanak egin zitzaten. 1942ko udazkenean, Alemaniako okupazioa zuzentzen zuten agintariek erabaki zuten Lodzeko ghettoko gune bereizi batean Poloniako ume eta gazteentzako esparru bat antolatzea.
FRITZ BAUER. JUSTIZIA ETA “EUTANASIA” NAZIA.
Zenbaitek gogorki kritikatu zuten eutanasia naziaren programa. Nabarmenduetako bat Von Galen Münsterko apezpikua izan zen, Hirugarren Reicharen hasieratik borroka sutsua izan zuen elizak “Volksgemeinschaft” nazionalsozialistan zeukan eginkizunaren eta eutanasia naziaren inguruan.
“Akusatuek ziurtzat jotzen zuten beraiek bakarrik parte hartu zutela ‘bizitzeko gogorik gabe’ gaixo mentalen hilketan, eta hori baimenduta zegoela. Akusatuak errugabetzat jo zituzten auzi honengatik errua amaitu zenean.”. Frankfurteko barrutiko Auzitegiaren epaia, 1967ko maiatzaren 23ko T4 Operazioko Ullrich, Bunke, Borm eta Endruweit medikuen aurkako prozesuan.
Gerra amaitzean, Fritz Bauer juduak, holokaustotik bizirik irten zenak, bultzada eman zion Frankfurten egindako Auschwitzeko prozesuari, Hesseko estatu federatuko fiskal nagusia zen aldetik, nahiz eta oztopo asko izan zituen lan horretan. Gaixoen sarraskien erantzuleen aurkako prozesu gehienak gerra amaitu ondoren gauzatu ziren, eta akusatuek zigor luzeak jaso zituzten. 1948tik aurrera, kontua aldatu zen, eta prozesuen amaieran aldarrikatzen ziren zigorrak gero eta laburragoak ziren, eta, batzuetan, absoluzio-epaia ere jasotzen zuten akusatuek. Bauer 1968an hil eta gero, ikerketa penalak azkar artxibatu ziren.
Erakusketako hizkuntza eskuragarri egin duten CERMIN, EUNATE, ANFAS eta beste kolektibo batzuen inplikazioa eskertu behar dugu.
Jeitsi erakusketaren panelak pdf formatoan.
Últimos comentarios