2022ko ekainean berriro egin da “Askatasunaren botilen” esperientzia, 1938ko maiatzaren 22an San Cristobal penaleko 795 presok izandako ihesa gogorarazten duen martxa; ihesaldian, 200 pertsona baino gehiago fusilatuak izan ziren. Martxa honek GR-225eko bi etapa egiten ditu, Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekua eta Nafarroa Behereko Urepelekin lotuz. Bertara iritsi zen Jovino Fernandez, askatasuna lortu zuen hiru iheslarietako bat.
2020an bertan behera utzi eta 2021ean murrizketekin egin ondoren, oraingoan 300 ikasle baino gehiago bertaratu dira. Horrela, ekainaren 7an Ezkaba eta Olabeko hobiaren artean lehen etapa egin zuten Paz de Ziganda Ikastolako, Mendillorri BHIko eta Martzillako Marques BHIko 150 neska-mutilek. 14an, Alaitz, Askatasuna eta Iturrama BHIetako eta Paz de Ziganda Ikastolako ikasle kopuru berdintsuak Sorogain eta Urepele arteko azken etapa egin zuen. Bietan, Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek jardunaldiaren aurkezpena egin zuten, eta, ondoren, Elizabeth Martín Haroren testigantza entzun ahal izan zuten. Ramón Haroren biloba zen, Usetxin fusilatu zuten preso iheslarietako batena, eta haren gorpuzkiak 2016an berreskuratu zituzten, eta 2021ean identifikatu eta haren familiari eman zizkioten. Ibilaldian, ikasleek presoen gutunak, senideen idatziak edo Ramon Haroren erretratu bat gordetzen zituzten hiru botila zeramatzaten lekuko gisa. Ibilaldian zehar, basosainek lagundu zieten ikasleei eta ibilitako paisaiei buruzko azalpenak eman zituzten. Bestalde, Fermin Ezkieta ikertzaileak ihesaren testuingurua azaldu zuen hasieran, eta presoen pasabideari edo atxilotu eta hil zituzten lekuei buruzko azalpenak eman zituen.
Bi etapak memoria-ekitaldi labur batekin amaitu ziren. Olabeko hobian Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Maximo Sainzen senideek hitz egin zuten, goiz horretan bertan haren gorpuzkiak jaso baitzituzten. Maximo iheslarien artean preso gazteena zen, eta leku horretan bertan fusilatu eta lurperatu zuten. Urepeleko ekitaldian, Xole Aire alkateak, Mixel Ernaga aurreko alkateak eta Mixel Aire “Xalbador II” bertsolariak parte hartu zuten; ondoren, Izaro Sánchez Askatasuna BHIko ikasleak ihesari buruzko idatzi hunkigarri bat irakurri zuen. Bietan musika emanaldiak izan ziren eta ekitaldien amaieran aurreskua dantzatu zuten Paz de Ziganda Ikastolako bi ikaslek.
Utzi erantzuna