Gotorlekutik Kartzelara
Alfontso XII.a edo San Kristobal Gotorlekua Iruña defendatzeko eraiki zen, baina gudako abiazioaren agerpenaren ondorioz zaharkitua gelditu zen. 1934ko iraultzaren ondoren, Estatuak San Kristobal Gotorlekua espetxe-esparru gisa antolatu zuen, 1936ko amnistia arte. 1936ko uztaileko kolpe militarrarekin Gotorlekua berriz ere presondegi gisa erabiltzen hasi ziren. Altxatuek eragindako indarkeriak milaka erailketa, atxiloketa, garbiketa, ondasunen konfiskazio eta giza eskubideen bestelako urraketa ekarri zituen. Ehunka nafar kartzelaratu ziren bertan, prozedura judizialetik kanpoko atxiloketa gubernatibo bidez. Gotorlekua Espainiako milaka gatibuz bete zen, bereziki gaztelau eta galiziarrez, Espainia iparraldeko fronteko lurraldeak altxatuen menpe erori ahala.
Elkartasun sareak
1936ko kolpearen ondoko errepresioak errepresaliatuen eta haien familien sufrimendu eta min istorioak utzi dizkigu. Baina gertakari latz haien inguruan elkartasun eta konpromiso istorio ederrak ere badaude. Hainbat ideologiatako emakumeak antolatu ziren presoei laguntzeko, arropak garbituz, janari paketeak eramanez, batez ere, adiskidetasuna eta hurbiltasuna helaraziz. Emakume haiek ez zituzten aurrez ezagutzen, ez ziren ahaideak edo lagunak, anarteraino, bederen. Emakume haiek erabaki zuten beren segurtasuna arriskuan paratzea gatibuek itxaropenari eutsi ziezaioten. Emakume ausart eta solidarioen istorio ezezagunak dira horiek.
“1937tik aurrera 300 segoviar eraman zituzten San Kristobal Gotorlekura, Iruñera. Presoen familiak antolatu ziren hara jatekoa eramateko. Hamabost egunetik behin bi emakume joaten ziren hara (txandaka egiten zuten), familia guztien paketeak eramanez hainbat zakutan. Kargan jatekoa eta arropa garbia sartzen zituzten. Horrela antolatu zituzten tren bidaia haiek Bernardos, Coca eta Nava de Asunciongo herritarrek”. Henar Yuste Holmos
“… eta ondoren arropaz beteriko zakuak ekartzen genituen bueltan, denak zorriz eta miseriaz beteak… eta eskerrak gure laguntzarekin astero arropa aldatu egiten zutela; laguntzeko inor ez zutenak, berriz, auskalo nola egongo ote ziren gizajoak… beraien izen-deitura eta pabiloia zuten zehaztuta. Ura bainuontzi handian irakiten jartzen genuen, dena zorriz beterik, eta hara! zorri guztiak hantxe dantzan. Eta hurrengo igandean buelta, arropa aldean hartuta…”. Petra, Carmen, Nicasia, Juliana Irigoyen Vidaurreta
Ezkaban hiltzea.
San Kristobalgo preso asko ez ziren bizirik atera bertatik. Preso gubernatiboetatik kopuru handi bat, “aske utzi” eta gero, talde paramilitarrek asasinatuak izan ziren. Talde horiei aldez aurreko informazioa ematen zieten eta irteeran zain izaten zituzten. Presoen beste kopuru handi bat ihes egiten ahalegindu ondoren hil zen. Lehenbiziko saiakera 1936ko urrian izan zen. Haren ondotik, 25 preso exekutatu zituzten. Baina Ezkabako presondegiko ihes handia 1938ko maiatzaren 22an izan zen. Horren ondotik agintariek abiarazitako ehizaldi ankerrak 220 hildako utzi zituen.
Gainera, ehunka preso hil ziren presondegiko bizi baldintzak osasungaitzak zirelako, laguntza medikorik ez zegoelako eta elikadura urria zelako; horien artean, 1938ko maiatzaren 22aren ondotik harrapatu zituzten 46 iheslari. Hasieran, hildako presoak inguruko herrietako hilerrietan lurperatzen zituzten. Toki horiek bete zirenean, agintari militarrek erabaki zuten Gotorlekuaren inguruan hilerri bat egitea: botilen hilerria.
Erakusketaren liburuxka jeitsi.
Esker onak: Txinparta-Fuerte de San Cristóbal, Aranzadi Zientzia Elkartea, Iruñeko Planetarioa, Iñaki Alforja, Fermín Ezkieta, Hedy Herrero, Amaia Kowasch, José Luis Larrión, Mikel Ozkoidi, Idoia Pallín, Iñaki Porto, Joaquín Roa.
Últimos comentarios