Tafallako “Garcés de los Fayos” Ikastolan II. Errepublikaren, Gerra Zibilaren eta Nafarroako errepresioaren memoria lantzeko diziplina anitzeko proiektu bati ekin zioten, baina bizitzen ari garen konfinamendu-egoerarengatik porrot egin du. Ikastetxeko euskara irakasle Angel “Zaki” Irisok proiektu hori zertan zetzan azaldu digu.
Apirilaren zazpian Tafallako Ikastolan landutako proiektu bati amaiera emango genion Sartagudako Memorairen Parkean egin behar genuen ekitaldian. Tamalez, ilusioz eta gogoz prestatzen ari ginen egitasmoa bertan behera geratu zen Koronabirus madarikatuarengatik.
Hainbat ekintza abian jarrita genituen, baina 1936an, Errepublikarekin gertatu zen bezala, Covid-19k dena errotik moztu zuen.
Proiektua DBHko laugarren mailan lantzen ari ginen. Ikasleak, Gizarte arloan, Espainiako Errepublika garaia, Gerra Zibila eta honek Nafarroan eragin zuen errepresioa lantzen ari ziren. Hori guztia Ikastolan nagusiki jorratzen diren hiru hizkuntzekin (frantsesaz aparte) lotu nahi genuen: Euskara arloan, eskutitz bat sortuko zuten, preso edo senideren batek idatzitako eskutitza; Gaztelania ikasgaian, poemak ekoiztuko zituzten; eta Ingelesean, narrazio txikiak prestatuko zituzten gaiaren gainean.
Otsailaren 28an ikasleek historiagile baten bisita izan zuten, Jose Mari Esparzarena. Berak azaldu zizkien Errepublikak gure inguruan ekarritako aldaketak, eta 36ko altxamenduak eragindako gerra eta honen ondorio latzak. Martxoaren 5ean “Desafectos. Esclavos de Franco en el Pirineo” dokumentala ikusi zuten eta martxoaren 13rako “Ezkaba, San Cristobaleko ihesa” erakusketa paratuta genuen ikasleok ikusteko. Baina egun horretan bertan agindua eman zuten eskolak husteko eta, ondorioz, dena ezerezean geratu zen.
Apirilaren zazpian gauzatu nahi genuen ekitaldia honela planifikatuta genuen. Hasieran, Sartagudako “Alargunen Herria” elkartekoek ongi etorria egingo ziguten eta herrian gertatutakoa azaltzeaz gain, Memoriaren Parkea erakutsiko ziguten. Ondoren hainbat ikaslek eskutitz, poema eta narraziotxo batzuk irakurriko zituzten. Beranduago, Ikasle guztiek beraiek ekoiztutako lan guztiak zintzilikatuko zituzten parkean barna eta, azkenik, Fermin Valenciaren “Maravillas” eta Lauaxetak idatzitako “Mendigoxaliarena” kantak abestuko genituen.
Esan bezala, dena bertan behera geratu da, baina gure asmoa bada datorren ikasturtean, ongibidean, berriro proiektuari heltzea.
Últimos comentarios