Nafarroako Memoriaren Institutuak eskaintzen duen jardueretako bat, Memoria duten Eskolak programaren barruan, antzezlanen errepresentazioetara joatea da. Testuinguru horretan, pandemiak behartutako beharrezko babes-neurriekin eta edukiera mugatuekin, joan den abenduan Burlatako Askatasuna BHI, Lizarrako Lurra BHI eta Mendillorri BHI institutuetako zenbait taldek Miguel Goikoetxeandiak idatzi eta zuzendutako eta Marta Juániz eta Iluna Teatro protagonista dituen Vencidos antzezlanera joateko aukera izan zuten.
Jarraian, emanaldietan parte hartu duten ikasleen eta irakasleen zenbait iritzi azalduko dizkizuegu.
Gerra bat egon zela dakigu, ondoren diktadura luzea… Eskolan irakatsi izan digute. Askotan, datuetara edo zenbakietara bilakatzen da guztia. Urrun geratu zaigun gertakari bat izan balitz bezala. Baina orain dela oso OSO gutxi gertatu den zerbait da. Oraindik bizitzen da jendea, zeinak bizi izan duen garai hura edo ondorioak, zeharka, bizi izan dituena. Gainera, askotan, diktadura bat egon zela esaten digute soilik, baina horrekin batera gauza pila aipatu gabe geratzen dira. Gosete ikaragarria, pobrezia, emigrazioa (eta beste herrialdeetan zegoen bazterketa), familien arteko liskarrak, hilketak… Benetako historio gehiago behar dira errealitatea ongi erakusteko eta gazteongan eragin izateko, inpaktatzeko, kezkatzeko edo beldurra eta amorrua sentitzeko; datu hutsak bezala historia ez ikusteko. Horregatik uste dut antzezleek lan bikaina egin dutela eta horrelako lan gehiago behar direla. Tierra Estella BHIko ikaslea.
Asko kexatzen gara egungo egoeraz. Bereziki, gazteok gara kexatzen garenak, gure gaztaroa galduko dugula esanez. Bai, pandemia egoera honek ez du batere erraza egiten gustatuko letzaaguken gaztekeriak bizitzea. Hala ere, Espainian, orain dela belaunaldi asko galdu zen gaztaroa. Orain koronavirusa, baina orain dela laurogei urte gerra zibila. Eta horren ondoren frankismoa. Eta ondoren errepresioa. Eta oraindik ere, desagertutako gorpuak, eta hauek aurkitzea amesten duten familiak. Ez dugu zergatik gupida izan behar, baina behintzat begiak ireki beharko genituzke, ez soilik orainaldian gertatzen dena ikusteko, baizik eta iraganekoa ere ikusteko. Azkenean, orainaldia eta iragana nahastu egiten dira errepresioaz hitz egitean. Tierra Estella BHIko ikaslea.
Antzezlanak ikasleak hunkitu eta liluratu ditu. Gainera, bertara erraz hurbildu dira, baina batzuek diote hasieran kosta egin zitzaiela protagonistaren denbora aldaketak ulertzea, eta, bestalde, oso positibotzat jo dituzte. Obra oso gomendagarria eta beharrezkoa da. Batxilergoko 2. mailan ematen ditugun edukiekin oso ondo lotzen da, eta oso ondo lantzen ditu transmititzen saiatzen garen balioetako batzuk. Historiara hurbiltzeko modu desberdin eta erakargarria da. Tierra Estella BHIko 2. batxillegoko irakaslegoa.
Oso ongi egin dutela eta oso polita izan dela. Nire ustez oso beharrezkoak dira horrelako antzezlanak gaur egun, oso garrantzitsua delako jakitea nondik gatozen, eta zer garai bizi izan zuten gure aiton-amon edo birraitonek. Gaur egun beldurra dago honetaz hitz egitean baina oso beharrezkoa dela uste dut. Mendillorri BHIko ikaslea.
Eskerrak emango nieke alde batetik gure institutua aukeratu izanagatik eta bestetik zorionak emango nizkie, izan ere, primerako interpretazioa eta antzezlana izan zen. Horrelako antzezlanak beharrezkoak dira, bai. Historia institutuan ikasten dugu, baino ez dizkigu inolako sentimenduak gehienetan transmititzen eta asko ulertzea kostatzen zaigu, modu honetan, antzezlan bat ikusi klasean baino gehiago ikasi dezakegula uste dut, eta egoera horiek bizi izan duten pertsonen zapatetan jarri gaitezke, beraz, gomendagarriak dira niretzat. Mendillorri BHIko ikaslea.
Ondoren, Mendillorri BHIko ikasleek egindako balorazioaren ondorioak laburbiltzen dira:
- Primerakoa eta oso interesgarria izan dela beraientzat eta inolako zalantzarik gabe antzezlana gomendatuko luketela.
- Oroimen historikoaren garrantziaz kontzientzia hartzeko arras baliogarriak direla jarduera hauek. Klasean ikusitako teoriaz gain, testigantza biziak (Sartagudan ikusitakoak), antropologia forensea (Paco Etxeberriarekin egon zirenean), Ezkabako ihesaldia (Urepelerainoko bidaia) bezalako txangoek abstraktuak diren kontzeptuak ulertzeko eta sentitzeko modu paregabea direla.
- Antzezlanari begira, ikasleek gustokoen izan dutena da antzezleen lana (bereziki Juana pertsonaiaren kalitatea nabarmentzen dute) eta sentimenduak adierazteko izan duten gaitasuna. Obraren egitura tenporala arreta deitu die eta oso erne egotea eskatzen zien.
- Bestalde, drama eta humorea nahasteak bizitzaren isla paregabea izan dela nabarmendu dute, azken finean, aurrera segitu beharraren paradoxa, hori delakoz.
- Zuzendariari eta antzezleei zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiete. Lan paregabea egin dutelakoz, sinpletasunaren edertasuna (eszenografian) nabarmenduz eta oso garrantzitsua den gaia jorratzeagatik.
Bestalde, Askatasuna BHIk balorazioa ere egin du: pandemiaren eraginez, aurten oso zaila da gelatik kanpoko jarduerak egitea. Hala ere, behar bezalako neurriak hartuta, ikusi dugu posible dela ikasleak hain hezitzailea den antzerkira hurbiltzea. Antzezlana bera eta interpretazioak oso kalitate onekoak izan dira, eta istorioa, ikasle gazteenentzat konplikatua izan arren, oso baliagarria ikasturtean zehar landu nahi ditugun gaien inguruan (Gerra Zibila bereziki) hausnarketa egiteko. Gainera, handik astebetera Otsoportillon aurkitutako Claudio Dieguezen gorpuzkiak bere alabari eman zizkieten, eta gelan berria ikusteko aukera izan genuen. Hunkigarria zen, eta antzezlanean ikusitakoaren gaurkotasunaren seinale.
Institutu honetako DBHko 4. mailako zenbait ikaslek honako iritziak eman dituzte:
- Gerra Zibilaren beste ikuspegi bat ikusi dut eta oso gogorra izan zela ikusten da.
- Lehengo, bizitza askoz gogorragoa eta zailagoa zela, eta lan eta bizi baldintza txarragoak zituztela.
- Antzezlan honetatik, bizitzaren gauza garrantzitsuenak gehiago aprobetxatu behar ditugula eta benetan maite dugun pertsonekin egon behar garela atera dut.
- Antzezlan honi esker gerran familia batzuk zeinen gaizki pasa zuten ikusi dut, nola egun batetik bestera zure bizitzak buelta ematen ahal duen.
- Espainiarrak, orain dela ez horrenbeste, emigrante izan ziren. Inmigrazio hori jaso zuten herrialdeak ez zizkieten gauzak musutruk eman eta oso bizi baldintza txarrak zituzten. Hala eta guztiz ere, ez gara gai atzera begiratu, enpatizatu, eta orain hona itxaropen bila datozen pertsonei ateak zabaltzeko.
Últimos comentarios