Azken urteetan, Mendillorri BHI zenbait proiektu eta ekimen garatzen ari da memoria demokratikoaren eta azken aldiko historiaren inguruan. Interes horretatik sortu da institutu honek Nafarroako Memoriaren Institutuaren “Memoria duten Eskolak” programan 2016ko apirilaz geroztik izan duen etengabeko partaidetza. Prestakuntza ikastaroak, erakusketak eta jarduera didaktikoak 2018/2019 ikasturteaz geroztik integratzen dira, ikastetxearen departamentuarteko urteko lan proiektuetako batean: “Mendillorri, memoria duen ikastetxe bat” proiektuan. Urteko lan konpromiso horretan urrats bat gehiago ematen du Mendillorri BHIk 2020ko urriaren 27an Nafarroako Memoriaren Institutuarekin sinatu zuen lankidetza hitzarmenak.
“Sin tiempo / Denborarik gabe” mikrokontakizunen proiektuan hogei bat irakasle eta 200 bat neska-mutil aritu dira, memoria demokratikoaren, giza eskubideen eta egungo arazo soziopolitikoen inguruan behatuz, pentsatuz eta sortuz. Horretarako, lotura emozional eta intelektuala ezarri dute gure iragan hurbileko zein gaur egungo kapitulu tragiko eta bidegabeenetako batzuekin. Abiapuntua 30 irudi bikoitzeko bilduma bat izan da, 1939ko otsailaz geroztik Frantziara erbesteratu ziren ehunka mila pertsonaren bizi-errealitatea erakusten duena, baita gaur egun jazarpena, intolerantzia eta erabateko premia pairatzen duten milioika pertsonena ere. Argazki bikoteen arteko elkarreraginak erakusten du gaur egun egoerak errepikatu egiten direla eta biktimen eta bizirik atera direnen begiradak berdinak direla. Sentimendu horietatik abiatuta, ikasleek mikrokontakizun bat eraiki behar zuten, argazkiekiko lotura pertsonala ezarriko zuena. Azkenik, argazki eta kontakizunekin erakusketa bat egin zen, kontakizunen grabazioak eta bizitzaren zuhaitza (proiektuaren irudi sinbolikoa) jasotzen zituen ikus-entzunezko proiektu batekin. Maiatzaren 24an lehiaketaren sariak banatu ziren.
Erakusketa hau, lehenik Institutuaren sarreran bertan erakutsi zen eta, urrian zehar, Mendillorriko Civivoxen egon da zabalik. Azarotik aurrera, Memoria duten Eskolak programaren barruan antzeko proiektuak landu nahi dituzten beste ikastetxe batzuen eskura jarri dute. Eskuratzeko, Nafarroako Memoriaren Institutuarekin harremanetan jar zaitezkete inm@navarra.es helbidean edo blog honetako harremanetarako formularioaren bidez.
Últimos comentarios