2021-2022 ikasturtearen amaieran, Memoria duten Eskolak liburua aurkeztu da, Nafarroako Memoriaren Institutuak izen bereko hezkuntza-programaren inguruan argitaratu duena. Liburua, programaren aurkezpen sakona egiteaz gain, hainbat etapatako ikastetxeetan garatutako esperientzia didaktikoak ezagutarazteko aukera ematen du. Halaber, Maisu-mailetako edo Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterreko ikasleek beren Ikasketen Amaierako Lanetan egindako proposamenak aurkitzen ditugu. Hori guztia, hausnarketarako esparru bat eta proposamen berriak diseinatzeko ereduak emateko asmoz. Beraz, ez dira errezeta edo produktu itxi batzuk, baizik eta inspirazio-iturri izatea eta lan-bideak iradokitzea, gero ikastetxe bakoitzaren errealitatera eta hezkuntza-proiektura egokitzeko.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariaren aurkezpenarekin hasten da argitalpena, eta hiru atal nagusi ditu:
Lehenengoan, Memoria duten Eskolak izenekoan, Nafarroako Memoriaren Institutuko kideek programa, ekintzak eta eskura dauden hezkuntza-baliabideak aurkezten dituzte. Atal honetan, urte hauetan argitaratu diren unitate didaktikoei buruzko aipamenak ere aurki ditzakegu: Amonarenean Kea Lehen Hezkuntzarako eta Libertaden Memoria Bigarren Hezkuntzarako, egileek aurkeztuak.
Bigarren atalak, zabalenak, azken ikasturte hauetan praktikan jarri diren 15 Hezkuntza-esperientzia biltzen ditu. Horietatik hiru Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan landu dira, eta gainerako 12ak Bigarren Hezkuntzan. Gehienak diziplinarteko proiektuak dira, ikastetxe bakar batean landu direnak. Hala ere, badira zenbait ikastetxeren artean praktikan jarri diren batzuk ere.
2022-23 ikasturtearen hasierarekin liburua Nafarroako ikastetxeetan banatuko da. Hemen PDF formatuan dago eskuragarri.
Utzi erantzuna