Memoria duten Eskolak programan sartutako ikastetxeen arteko jarduera garrantzitsuenetako bat Sartagudako Memoriaren Parkean eraildakoen senideekin egiten den Belaunaldi Arteko Topaketa da. 2019an, Nafarroako hainbat ikastetxetako 350 ikasle baino gehiago bertaratu ziren Nafarroako Memoriaren Leku enblematiko horretara. 2020ko ediziorako 1.000 neska eta mutil inguru bilduko zirela aurreikusita geneukan, baina ezin izan zen gauzatu, garai hartan bizi genuen konfinamendu-egoeragatik. Ikasturte honetan, egoerak zailak izaten jarraitzen duen arren, topaketa hau egin nahi genuen. Bertan, belaunaldi gazteak 1936ko udan gertatu zen altxamendu militarraren ondorioen biktima zuzenenekin harremanetan jartzen dira eta haiekin hitz egiten dute.
Hori dela eta, datorren asteazkenean, apirilaren 14an, II. Errepublikaren aldarrikapena ospatzen den egunean, 11: 30etik 13: 00etara, modu birtualean egingo dugu. Sartagudako Memoriaren Parkean Josefina Campos Azkoiengoa, Julio Sesma Sartagudakoa eta Amelia Resano Lodosakoa, eraildakoen senideak, egongo dira. Handik, kazetari baten moderazioarekin, ikasleek beren geletatik egingo dizkieten galderei erantzungo diete. Beste konexio puntu bat Civivox Mendillorri izango da; bertan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta 1936ko biktima baten senitartekoa den Conchita Salinas izango dira.
Egoera ikusita, parte hartuko duten ikastetxeak gutxi batzuk izango dira Nafarroako ikasle guztien ordezkari gisa. Hala ere, interesa duten ikastetxe guztiek zuzenean jarraitu ahal izango dute programa honako esteka honen bidez. Gainera, topaketa grabatuta geratuko da, eta beste edozein unetan ikusi ahal izango da.
Utzi erantzuna