Ikastaroa: “Oroimena eta pentsamendu kritikoa ikasgelan: esperientzia didaktikoak”
3. saioa “Oroimena eta eskola: teileriak, antzerkia eta flamenkoa”. (2020ko martxoaren 2an)
Hizlaria: – Vicente M. Pérez Guerrero. Irakaslea Cristóbal de Monroy BHIn, Alcalá de Guadairan, eta Gizarte Zientzien Didaktikako irakaslea Sevillako Unibertsitatean.
Vicenteren komunikazioak memoria eta ondare immaterialeko lekuei (teileriak, flamenkoa eta antzerkia) buruzko hiru ikerketa-proiekturen inguruko hausnarketa kritikoa egitea izan zuen helburu, azken urteotan bigarren hezkuntzako irakasle gisa garatu dituen proiektuak, hain zuzen ere. Proiektu bidezko ikaskuntzan, ikasleen arteko ikerketa kooperatiboan eta didaktikaren ikuspegi kritiko batean oinarritutako erabiltzen duen metodologia ere azaldu zuen.
Lehen bi proiektuak 2016-17 ikasturtean jorratu zituen, La Puebla de Cazallako (Sevilla) Castillo de Luna BHIn. Haietako batek adreilu fabrikak edo “tejares moriscos” zituen aztergai. Herrian, 16 kooperatiba zeuden martxan, baina gaur egun hondakinak besterik ez dira geratzen. Bere helburua teilagintzaren historia ahanzturatik ateratzea zen, ofizio horren memoria eta kooperatibetan antolatutako langileen historia erreskatatzea. Bigarren proiektuak flamenkoak herriarekin duen harreman garrantzitsuaren azterketa izan zuen ardatz, adierazpen artistiko horrek La Pueblan duen berezitasuna aztertuz.
Bi esperientziak “Tratamiento audiovisual y digital del Patrimonio Histórico” Ikastetxeak diseinaturiko irakasgaiaren curriculumean sartu ziren. Irakasgai hori astean bi eskola-ordukoa da Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoko 2. mailan.
Proiektuen blogera jo.
Hirugarren proiektua Alcalá de Guadairako (Sevilla) Cristóbal de Monroy Institutuan antzerkiaren historiari buruzkoa da, eta 2018-2019 ikasturtean hasi zen. Kasu honetan irakaslearen ikerketa da, eta bertan ez dute ikasleek parte hartzen. Trantsizioaren garaia kultur historiatik eta periferiatik aztertzea du helburu. Edo beste era batera esanda, “Trantsizioa behetik” jorratzea, “Trantsizioa goitik” ikerketaren aurrean. Oraindik martxan dagoen proiektua da, eta plataforma digital bakar batera ere igo ez den “Un teatro en la memoria” izeneko dokumentala da horren emaitza.
Segidan, hitzaldian erabilitako aurkezpena.
Últimos comentarios